Klaretar
   TOKIA: Euskara
Berriak
Berriak
Agenda
Argazkiak
Estekak
Pastoraltza
GBP: Gazte bokazio pastoraltza
Parrokiak
Sortarazi
Kurkudi
Kristau Hezikuntza
Klaretar Ikastetxeen Idearioa
Gure Ikastetxeak
Ikastetxeetako irakasleen prestaketa
Irakasle berrien prestaketa
Klaretar anaidiei informazioa
Ipar Potosiko Misioa
Kokapena
Historia
Proiektuak
Ekintzak
Misio enklabeak

  icono titulo  CLARET AITA

SAN ANTONIO MARIA CLARET

Antonio Claret Sallent-en (Bartzelona) jaio zen, Manresatik 15 km ingurura, 1807an, ehungintzan aritzen zen kristau-familia oso fededun batean.

Santuaren haurtzaroa ez zen erabat lasaia izan. Napoleonen gerrak, Frantziako Iraultzaren ideiek izandako eraginak, 1812ko Konstituzioaren zinak, eta absolutisten eta liberalen arteko tentsioek eragin nabarmena izan zuten santuaren bizitzan. Erlijioari dagokionez, Jainkoaren probidentziaren bizipenak markatu zuen, batetik, eta eternitatearen ideiak, bestetik. Ama Birjinarekiko eta Eukaristiarekiko debozioa, berriz, izugarri handia zen.
Hamabi urte zituenean, familiaren ehundegian jarri zuen lanean aitak. Oso iaioa zenez, Bartzelonara joan zen, ehungintzaren artean hobetzera. Lana ikaragarrizko pasioz egiten zuen eta lanerako bizi zen. Otoitzak, ordea, ez ziren, ez hainbeste, ez hain sutsuak, baina ez zituen inoiz ahaztu, ez igandeko meza, ez arrosarioa. Pixkanaka-pixkanaka, haurra zenean sentitutako apaiz izateko nahia ahaztu zuen, baina Jainkoak gidatzen zuen, haren asmoen arabera. Desengainu gogor batzuek eta, batez ere, Ebanjelioaren hitzek (zertarako irabazi mundua, azkenean bizitza galduko badu?) asaldatu zuten bere kontzientzia. Bere enpresa propioa sortzeko eskaintzak izan zituen arren, uko egin zion aitaren nahiari, eta kartusiar (kartujo) izatea erabaki zuen.

22 urte zituenean, Vic-eko apaizgaitegian sartu zen, monje kartusiar izateko asmoa baztertu gabe. Hurrengo urtean, Montealegreko kartusiara zihoala, ekaitz batek atzera egitera behartu zuen, eta zapuzten hasi zitzaion bizitza bakartia eramateko ametsa. Vic-en jarraitu zien apaiz izateko ikasketei. Kastitatearen aurkako tentazio handia izan zuen une batean, baina Ama Birjinaren laguntzaz gainditu, eta argi ikusi zuen hor amaren laguntza, eta batez ere, beste hau: Jainkoaren borondatea, Jainkoak misiolari nahi zuela, ebanjelizatzaile.

Teologia-ikasketak amaitu gabe zituen arren, 1835eko ekainaren 13an jaso zuen apaiz-ordenazioa, gotzainak aparteko zerbait ikusten baitzion. Bere jaioterriko parrokiaren arduradun izendatu zuten; hau da, Sallent-ekoa. Baina ez zen hori bere tokia. Gero eta indar handiagoz sentitzen zuen Jainkoak ebanjelizatzeko dei egiten ziola. Kataluniaren eta Elizaren beraren egoera ere ez zen batere ona. Katalunia zatituta zuen liberalen eta karlisten arteko gerra zibilak, eta Eliza gobernatzaileen mesfidantzaren menpean zegoen. Egoera horren aurrean, irtenbide bakarra zuen: jaioterria utzi eta bere burua Propagatio Fide-ri eskaini, garai hartan, Propagatio Fide arduratzen baitzen ebanjelizatzeko lan guztiez.

Arriskuz betetako bidaiak eraman zuen Erromara. Egun batzuk libre zituenez, Jesuiten Gesuko etxean gogo-jardunak egiteko aprobetxatu zituen. Zuzendariak Jesusen Konpainian sartzera animatu zuen. Nobiziatuan, apostoluen zerbitzura jarduteko nahia indartu zitzaion, eta bertan ikasi zuen gogo-jardunak ematen, hau da, predikatzeko, katekizatzeko eta konfesatzeko metodoa ongi eta probetxuz baliatzen. 1840. urte hasieran, nobiziatua hasi eta lau hilabetera, min handia sentitu zuen eskuineko hankan, eta ibili ezinik geratu zen. Jainkoaren eskua sentitu zuen. Jesuiten aita nagusiak garbi esan zion: Jainkoaren nahia da zu, laster, Espainiara joatea; ez ezazu beldurrik izan; animo!

Kataluniara itzultzean, Viladrauko parrokiaren ardura eman zioten. Parrokia ongi zainduta zegoenez, inguruko herrietan misioak eta jardunak emateko aukera izan zuen. Gotzainak ongi ezagutzen zituenez Clareten bokazioa eta haren predikuen fruituak, kendu egin zizkion parrokia-lotura guztiak, herriz herri ibil zedin ebanjelizatzen. Claretek bazekien gotzainaren laguntzailea zela, eta hala sentitzen zen; predikatzera berak bidal zezan nahi zuen, ez soilik erretoreek jar ziezazkioketen konpromisoetatik libratzeko, baita horrek "igorria" sentiaraziko zuelako eta obedientzia-zentzuagatik ere. Eliza-hierarkiarekin bat egin nahi zuenez, eta berezko gaitasun aproposak zirela-eta, "Misiolari apostolikoa" titulua eskatu zion Propagatio Fide-ri, eta berak eduki espiritualez eta apostolikoz bete zuen.

Ia Katalunia osoa zeharkatu zuen 1843 eta 1847 urteen artean, Jainkoaren hitza zabalduz; beti oinez, eta dirurik eta oparirik onartu gabe. Jesukristoren antzera jokatzeko nahiak bultzatzen zuen horretara. Politika kontuetan neutrala bazen ere, laster jasan behar izan zituen gobernari batzuen jazarpenak eta fedeari aurre egiten zietenen gezurrak.

Baina San Antonio Maria Claret ez zen herriari misioak predikatu eta apaizei eta mojei jardunak emango zizkien predikari nekagaitza soilik izango. Laster aurkituko zituen hori guztia zabaltzeko neurri eraginkorragoak. Azkar konturatu zen herritar askok irakurtzeko gogoa zuela, katolikoen aurkako propagandak eragina duela, eta idatzitako hitzak iraun egiten duela eta ahozkoa baino jende gehiagorengana iristen dela. Horregatik, otoitz-liburuak eta bestelako liburuxkak argitaratu zituen apaizentzat, lekaimeentzat, haurrentzat, gazteentzat, ezkonduentzat, familia-buruentzat... Librería Religiosa argitaletxea ere sortu zuen, 1848an, dirua bildu eta obra onak argitaratu eta zabaltzeko. 1848. eta 1866. urteen artean 2.811.000 liburu, 2.059.500 liburuxka eta 4.249.200 informazio-orri argitaratu zituen argitaletxeak.

Kristau-bizitzaren iraunkortasunaren eta aurrerapenaren bitarteko eraginkor izateko, Kofradiak sortu edo indartu zituen: Mariaren Bihotz Garbiarena, "Pía Unión de oraciones", edo Mariaren Bihotz Sainduaren eta Garbiaren Ermandadea. Hori izan zen "Erlijiosak beren etxeetan" edo "Mariaren Bihotz Sainduaren eta Garbiaren Ermandadearen alabak” kofradiaren aurrekaria; denboraren poderioz, “Filiacion Cordimariana” institutu sekularra bihurtuko da. Arauetan, Claret aitak bizitza-arau eta espiritualtasun bat proposatzen zien etxetik eta familiatik atera gabe beren burua Jesukristori maitasun birjinaz eskaini nahi zioten emakumeei.

Errebolta armatua zela-eta, ezinezkoa zitzaion Katalunian predikatzea, eta gotzainak Kanarietara bidali zuen. 1848ko otsailetik 1849ko maiatza bitartean, uharteak zeharkatu zituen. Azkar hasi zitzaizkion "el Padrito" deitzen lagunartean.  Hain egin zen ezaguna, ezen Las Palmaseko elizbarrutiko zaindari-kide izendatu zuten, Virgen del Pino Ama Birjinarekin batera.
Kataluniara itzuli ondoren (1849ko uztailaren 16an), Vic-eko seminarioko gela batean, Mariaren Bihotz Garbiaren Seme Misiolariak kongregazioa sortu zuen. Clareten obra handia oso umil hasi zen, sortzailearen espiritu bera zuten 5 apaizekin. Egun gutxitan, abuztuaren 11n, Kubako artzapezpiku izendatu zutela adierazi zioten mosen Clareti. Librería Religiosa eta sortu berri zuen Misiolarien kongregazioa zirela-eta eragozpenak jarri eta erresistentzia agertu bazuen ere,  kargua onartu behar izan zuen, obedientziagatik, eta horrela, azkenean Vic-en kontsakratu zuten, 1850eko urriaren 6an.

Kubaren egoera negargarria zen: esplotazioa eta esklabotza nonahi, ezmoraltasun publikoa, familia-ziurtasunik eza, Elizaren aurkako jarrerak indartzen, eta, batez ere, kristautasunetik etengabe aldentzen ari zen gizartea. Iritsi bezain pronto, lehentasuna kristau-bizitza berritzeko lan egitea zela ulertu zuen, eta misiolarien kanpaina batzuk sustatu zituen; berak ere parte hartu zuen kanpaina horietan, Jainkoaren Hitza herri guztietara eramateko. Artzapezpiku-zerbitzuei misiolari kutsua zerien. Sei urteko epean, hiru aldiz igaro zen elizbarruti osotik. Apaizen berrikuntza espiritualaz eta pastoralaz arduratu zen, baita erlijiosoen komunitateak sortzeaz ere. Bestetik, Eskolapioek, Jesuitek eta Karitate Alabek Kuban komunitateak ezartzea lortu zuen, batetik gazteak hezteko eta, bestetik, behar zuenari laguntza eskaini ahal izateko. M. Antonia Paris-ekin batera, Maria Sortzez Garbiaren Erlijiosak kongregazioa sortu zuen, hau da, Emakumezko Misiolari Klaretarrak, 1855eko abuztuaren 27an. Esklabotzaren aurka borrokatu zuen, baserri-eskola bat sortu haur pobreentzat, gizarte-izaera nabarmena zuen Aurrezki Kutxa bat jarri, eta herri-liburutegiak sortu. Jarduera horiek guztiak zirela-eta, liskarrei, gezurrei, jazarpenei eta atentatuei aurre egin behar izan zien. Holguín-en jasandakoa, adibidez, (1856ko otsailaren 1ean) ez zen bizitza galtzeko adinakoa izan, baina odola eman zuen Jesukristoren alde.

1857an Isabel II.a erreginak bere aitorle aukeratu zuenez, Madrileko bideari ekin zion, nahitaez, gainera. Astero joan behar izaten zuen, gutxienez, Gortera, aitorle-zerbitzua betetzera eta Alfontso printzearen eta infanten kristau-heziketaz arduratzera. Bere eragin espiritualari eta sendotasunari esker, pixkanaka-pixkanaka aldatu zuen Gorteko egoera erlijiosoa eta morala. Luxurik gabe eta pobre bizi zen.

Jauregiko zerbitzuek, ordea, ez zuten Claret monsinorearen denbora betetzen; ezta haren espiritu apostolikoa asetzen lagundu ere. Beraz, lan ugari egiten zuen hirian: predikatu eta konfesatu, liburuak idatzi, kartzeletara eta erietxeetara bisitak egin... Errege-erreginekin Espainian zehar egindako bidaiak aprobetxatzen zituen leku guztietan predikatzeko. San Migel Akademia sustatu zuen, intelektualak eta artistak biltzea helburu zuen proiektua: "zientziak eta arteak erlijioaren aldetik sustatzeko elkartu daitezen, okerrak zuzentzeko, ahaleginak batzeko, liburu onak zabaltzeko eta, horiekin batera, dotrina onak".

Erreginak Madrilgo Montserrat elizaren eta erietxearen babesle izendatu zuen eta, 1859an, El Escorial-eko presidente. Bere kudeaketa ezin zitekeen eraginkorragoa eta zabalagoa izan: eraikuntza berritu zuen, eliza ekipatu, komunitate bat sortu eta seminario bat jarri.

Bere kezka handietako bat Espainiari gotzain arduratsuak ematea eta biziera sagaratua babestea eta sustatzea ziren, bereziki, berak sortutako Institutuetakoa (Maria Sortzez Garbiaren Misiolariak eta Erlijiosak), edo beste batzuetakoa. Besteak beste, hauek adoretu eta orientatu zituen: Joaquín Masmitjá (Mariaren  Bihotzaren Misiolarien sortzailea), Marcos eta Gertrudis Castanyer (Filipotar Erlijiosen sortzaileak), Santa María Josefa del Sagrado Corazón (Jesusen Mirabeen sortzailea), Tous aita (Ana Mogas beatarekin batera, Divina Pastora-ren Misiolari Frantziskotarrak sortu zuen). Esperanza Gonzalezi lagundu zion Mariaren Bihotzaren Esklabak sortzen. Francisco Coll beatoaren lagun-mina izan zen, Anuntziatako domingotarren sortzailearena. Asko arduratu zen Santa Joaquina de Vedrunak sortutako Karitateko Karmeldarren institutuaz. Harreman estua izan zuen Santa Maria Micaela del Santísimo Sacramento-rekin zuzendaritza espiritualetan, eta harreman horrek biengan izan zuen eragina.

Beti eutsi izan zion independentzia eta neutraltasun politikoari, eta horrek etsai ugari ekarri zizkion. Askoren gorrotoaren eta mendekuaren jomuga bihurtu zen: "arlo horretan, beti ardura berezia izan badut ere –faboritismoez ari da–, ezin izan diet ihes egin mihi gaiztoei. Batzuk amorruz, haien bidegabeko asmoen tresna izan nahi ez dudalako, eta beste batzuk bekaizkeriagatik; hauek dutena galtzeko beldur direlako, haiek gaiztakeriagatik, eta ez gutxik ezjakintasunagatik, imajina daitezkeen gordinkeria guztiak esan dituzte nigatik, baita gezur itsusienak eta nazkagarrienak ere". "Ni isildu egin naiz, sufritu egin dut eta poztu egin naiz Jainkoarengan, bere pasioaren kalizaren zurrupada bat eskaini didalako, eta kalumniatzaileak Jainkoari eskaini dizkiot, nire bihotz guztiz barkatu eta maitatu ostean", aitortu zuen. Jesukristorekin zuen loturak une gorena lortu zuen sakramentuzko espezieak gordetzeko ahalmena eman ziotenean; Segoviako La Granjan gertatu zen, 1861eko abuztuaren 26an.
1868ko iraileko iraultzaren ondorioz, erbestera joan zen, Erreginarekin batera. Parisen jarraitu zuen Erreginari eta Asturiasko Printzeari zerbitzuak eskaintzen, Familia Santuaren Konferentziak sortu zituen, eta jarduera apostoliko askotan lan egin zuen.

Pio IX.a Aita Santuaren urrezko ezteiak ospatzeko, Erromara joan zen. Vatikanoko I. kontzilioa prestatzen aritu zen, eta parte hartu ere egin zuen, pontifizearen okertezintasuna defendatzeko. Bilerak amaitu zirenean, osasunez oso justu eta heriotza oso hurbil zuela, bere Misiolariek Prades-en (Frantzia) zuten komunitatera joan zen. Baina haraino iritsi ziren jazarleak, harrapatu eta Espainiara eramateko, epaitu eta zigortzera. Gaizkilea balitz bezala ihes egin, eta Fontfroide-ko zistertarren monasterioan hartu zuen babes. Bertan hil zen, 63 urte zituela, monjeen eta bere zenbait misiolariren maitasunaren babesean, 1870eko urriaren 24an.

Bere gorpuzkiak 1897an eraman zituzten Vic-era. Pio XI.ak 1934ko otsailaren 25ean beatifikatu zuen, eta Pio XII.ak 1950eko maiatzaren 7an egin zuen santu.

 

Claret Aitaren zenbait argazki:

http://www.claret.org/es/claret/cuadros.php


 

Inprimatu  Bidali posta elektroniko bidez 


Castellano 
Euskara 
Nortzuk gara
Ongietorria
Claret Aita
Mariaren Bihotz Garbia
Gure historia
Non gaude?
Klaretar agirien liburutegia
Gobernu taldea
Klaretar Sendia
Claret Gaur
Aita Claret-en eragin espirituala Euskal Herrian
Hezikuntza
Heziketa iraunkorra
Heziketa taldea
Hezikuntzarako materialak
Proclade Yanapay
Nortzuk gara?
Helburuak
Balioak
Erakundea
Proclade Yanapai animazio taldea
Espiritualitatea
Igandeko Meza
Liturgia materialak
Claret Aitaren jaiotzaren bigarren mendeurrena
 Hasiera  Kontaktu   Orria gomendatu  Hasierako orri gisa jarri 
Copyright © 2005 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz v 3.1